XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irri-dantzak Pox-poliñetan

Arizkun'go txistularia etorria degu Poxpoliñetara Irridantzak erakustera, ta orregatik Bilbao'ko Pilarmonican dantza abek azaldu zituztenean AITA DONOSTI'K aurkezpen antzera egindako itzalditxotik ostutakoa dezute ondoren irakurri dezakezutena.

Arrotzak ez eze, erri txikietan bizi etzeraten euskaldunok ere ez dezute nik orain azaldu nai nizuteken zertxobait ezagutzen.

Guziok ikusi ditugu alako dantza bikain, txit erakusgarri batzuek, bizkaitar edo gipuzkoar Espatadantza, esate baterako...

Baztan'go ibarrean izan zeratenok ezagutzen dezute noski Mutildantza, patxarakoa, egokia.

Gipuzkoar Aurreskua txit dezute ezaguna.

Oraintxe ari da dagokion bezela zabaltzen Leitza'ko Ingurutxoa.......

Ta onelaxe besteren batzuek.

Dantza oek guziak ta aitatzen ez ditudan batzuek, Lenengo Mallako Dantzak dirala esango nuke.

Erriak baditu ordea beste dantzertu azalpiderik asko, ta txit jakingarriak gañera, eusko erritxo ta basetxeko izakeraren agerkai bizi baitira.

Irakasleak diotenez, jolas bidez ezagutzen omen da aurra.

Egia da.

Beste onen beste esan genezake euskaldun baserritarratzaz.

Erritxo jolas edo dantza txiki abek bear bezela ezagutzeko, errixka oetako euskaldunai dagokien bizkerak agintzen duan eran jarri gaitezen: mendian, uri nagusiekin, len gaur baño gutxiago, baña beñere zerikusi aundirik gabe bizi dan baserritarren tankeran....

Gizonak bearrezkoa du jolasa, baña jolasa, atseden izatekotan, ezin diteke bizkera zati bat besterik izan: Ta orixe da dantza eusko gizarte bizkeran, zati bat.

Baña ori bai, euskalduna jolas aldian, jolas betean murgiltzen da, bere burua oso-osorik jolasari emanaz.

Eusko errixkak, auzoak, etzuan eta eztu ez zinerik ez antzokirik jolasteko....

Sentarteko jaietan, eztai, bataio, erri jaietan, eta abar, jolasbide bakarra auxe zuan beraz, dantza.

¿Zer egin, adibidez, neguko egun belaxka oietako batean, aideak sentarteko jairen bat aitzeki artuta, ez det esango mai berexia, baña bai ondo jantzitako mai eder inguruan biltzen diranean?.

Abestitxoren bat dezute aurreneko alaitasun azalgaia, bertsolariaren koplak datozkigu ondoren... ta ona azkenik, errekia maieratzerakoan, txistularia, Uxua'ren jauregia edo beste onelako asele zarren baten eresia joaz.

Bizitu da jendea... ta euskaldunak, olerkari ta idazle batzuen begietan biozberagia, barren illunegikoa dan euskaldunak, (mendiko kontrabandozalea karabineroaren aurrean bakarrik dezu illuna... erdera ere orduantxe aztutzen zaio), euskaldunak, diot, ain biotz zabal, alai, mendi lepoak eresi ta alaitasunez blei uzten dituan euskaldun onek, mai on batek sorterazi oi duan alaitasuna biribildu bearra nabaitzen du....

Ta ona nun dezuten dantza....

Berdindu gantza ta gero dantza...

Egi egia dio erri esakera jator onek...

Ondo berdindutakoan sortzen da dantzarako gogoa, gañontzekoak irrika jartzeko gogoa...

Ta aldarte oneko bordariak ez dio orduan banakoa edo biñakoari ekiten...

Zabala, aidea eskatzen baitute abek...

Gure basetxetako jangela ederrean, mai aundiak erdi betetzen duan areto zabalean toki gutxitxo dago...

Ezin beraz jauzka zallik egin...

Ta lakaria arturik lurrean jarri ta bere gañean dantzan ekiten dio, bere trebetasuna arro azaldurik....

Baña an diranetan gazte ta zarrak arki oi dira....

Ta noizpait aldarte oneko gaztea izandako bordariak ere, 50 urtez gorako zama ta guzi, bere zankoak gaztearoko kemenik ote daukaten ikusteko gogo bizia nabaitzen du, ta orra lakari gañean dantzan....

Bai beste geiagok ere jarraitu gure gizonari....

Or nun dituzuten sei zortzi bat maikide oreka deman, gañontzeko maikideak irri ta parreka jarriaz....

Orixe izaki nai dana: bildutakoak alaitu, oiei par eginarazi....

Onela esan zezaken jolas bilduma bizia dan txistulari batek, lengoan neri esan zidana, dantza abek Irri Dantzak dirala alegia...

(Jarraitzeko).